Navarpluma enpresan berriki izan den gatazkaren kontakizuna egin nahi dizuegu, eta nola langile talde batek (etorkinak asko) enpresaren despotismoa garaitzea lortu duen, langileon armak erabiliz: batasuna eta borondate irmoa.
Arazuri Orkoien herrian kokaturik dago Navarpluma; ahate lumak eraldatzea da enpresaren jarduera. Martiko da enpresaren partaide nagusia, eta 38 langile ari dira bertan lanean.
Nabarmendu egin behar da Navarpluma enpresak mozkinak sortzen dituela eta, lehen enpresa-hitzarmenaren aurretik langileen kostuak oso urriak zirela. Horrez gain, enpresak erakundeen finantzaketa publikoa ere jasotzen du, Nafarroako Enpresari Elkarteak (CEN) eta Nafarroako Garapen Agentziak (Sodena) sinatutako lankidetza-akordio baten bidez (Nafarroako Gobernuak finantzatzen du).
Navarplumako langileek jarraitutako prozesua luzea eta gogorra izan da, 41 eguneko greba mugagabea ere izan da tarteko, baina irakasgaia garbia izan da: langile taldeak helburuak garbi baditu, eta baturik eusten badio, ahalmena du eta aukera handiak ditu eskatzen duena lortzeko.
AURREKARIAK:
Navarplumako zuzendaritza, historikoki, langileen lan-baldintzak murrizten joan da (batez beste, 400 euro hilean) era guztietako mehatxu eta presioen pean langileei banaka sinarazitako kontratuen bidez. Tailerreko langileak, etorkinak gehien-gehienak, egoera ahulean zeudela baliatu zuen enpresak erabateko prekarietatea ezartzeko: astelehenetik iganderako lanaldiak, egutegirik gabe, txanda-aldaketak aldez aurretik ohartarazi gabe, segurtasun-neurririk eta laneko arroparik ez, zigorrak eta arrazoirik gabeko kaleratzeak, kontrol zorrotza segurtasun-kameren bidez eta abar. Bidegabekeria horiek guztiak salatu zituzten langileek bere egunean, ELAren babesarekin, eta Lan Ikuskaritzaren ebazpenaren zain daude.
2018ko apirilean, enpresak hainbat oztopo eta zangotraba jarri arren, ELAk lor zitezkeen hiru ordezkariak lortu zituen Navarplumako hauteskunde sindikaletan; horrela ekin zion gure sindikatuak langileak antolatzeko lanari, enpresa-hitzarmen propioa negoziatu ahal izateko. Navarplumako zuzendaritzak, ordea, ez zuen onartu hauteskunde sindikaletatik ateratako ordezkaritza, eta ahalegina egin zuen zuzenean langileekin negoziatzeko. Langileek, ordea, uko egin zioten enpresaren azken eskaintzari. Hauxe zen, funtsean, eskaintza horren mamia: soldatak hiru urterako izoztea, plus txiki ez-finkagarriak eta laneko arropa bakar bat ematea.
Enpresaren jarrera hertsi horren aurrean, greba mugagabea deitu zuten langileek; otsailaren 1ean hasi zen greba hori.
Greban 41 egun egin ondoren, langileek hainbat hobekuntza lortu dituzte: %10etik gorako soldata-igoerak, lanaldia 24 ordutan murriztea eta lan-erreforma indargabetzea, besteak beste. Langileen antolaketa eta borondate irmoa funtsezkoak izan dira garaipen hau lortzeko.
2019ko martxoaren 12an lortu zuten akordioa bi aldeek, Navarpluma enpresan greba bertan behera uzteko. Akordio hori enpresa-hitzarmen batean gauzatuko da, eta hauek izango dira hitzarmen horren eduki nagusiak:
• Indarraldia: 2019-2020.
• Azken lan-erreformetako elementu atzerakoienak bertan behera uztea; izan ere, honako hauek adostu dira, besteak beste: mugagabeko aurrera-eragina, borondatezko arbitrajea eta Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluan aipatzen den malgutasuna ezin aplikatzea.
• %10etik gorako soldata-igoerak. 2019rako soldata-taula berriak ezarri dira, eta, horrez gain, osagarri hauek ere kobratuko dira: antzinatasuna, mozkinen ordainsari bat eta gaueko orduen ordainsari handiagoa (kontzeptu horiek guztiak ez ziren kobratzen orain arte). Era berean, 2020rako soldata-igoera hau adostu da: aurreko urteko KPI gehi puntu bat, %3ko gehieneko mugarekin, non eta KPI ez den ehuneko hori baino handiagoa (kasu horretan, Nafarroako KPI aplikatuko da).
• Lanaldia 24 orduz murriztea, eta hitzarmena sinatzen denetik aurrera, igandetan lan egiteari utziko diote langileek.
• Enpresak urteko lan-egutegia egiteko betebeharra izango du, lan-txandak zehaztu beharko ditu horretan, eta ezin izango du egutegi hori aldatu. Horixe zen, hain zuzen, grebaren aldarrikapen nagusietako bat.
ONDORIOAK:
Zoritxarrez, Navarplumako lan-baldintza prekarioak ez dira salbuespena Nafarroako industrian. Hori dela eta, Navarplumako langileen borroka eredugarria izan da, egiaztatu baita, beste behin, langileen kolektiboak ahalmena duela bere lan-baldintzak duintzeko, betiere ondo antolatuz gero eta helburu bateratu bat finkatuz gero. Greban 41 egun egin ondoren lortu da garaipen hau, eta, horretarako, erabakigarria izan da ELA Sindikatuaren Erresistentzia Kutxa.
Azkenik, ELAk, zoriondu egin nahi ditu Navarplumako grebalariak, erakutsi duten borondate irmo eta jarrera sendoagatik. Lehen enpresa-hitzarmen hau lorpen handia izan da, eta, aurrera begira, oso garrantzitsua izango da langile guztiek bat eginik eustea, lan-baldintzak hobetzen jarraitzeko.